Harremanak

Helbidea: Aloña Mendi Elkartea Atzeko Kale 18-20, 20560 OÑATI Gipuzkoa Ikusi Mapan Telefon. 943 780 810 Posta elektronikoa alonamendi.txirrindularitza@gmail.com Facebook TWITTER

domingo, 21 de julio de 2019

Enekoitz Azparren nagusitu da Arantzazun

GOIENA

Ampo taldeko ziklistak ordubete eta 43 minutu behar izan ditu ibilbidea osatzeko, eta helmugan 27 segundoko aldea atera dio bigarren sailkatu Mikel Orbeari, eta haren atzetik Haritz Chico helmugaratu da. Lehenengo oñatiarra Ulma Aloña Mendi taldeko Unai Cueva izan da –zortzigarren sailkatu da, 02:02ra–.
Ihesaldia helmugaraino iritsi da gaurkoan, eta Enekoitz Azparren izan da protagonista nagusia, azken igoera bikaina egin eta bakarrik helmugaratuta. "Ihes eginda gindoazen eta jende ona zegoen. Erasoa jotzea erabaki dut, ondo sentitu naiz, eta bakarrik geratu naiz", azaldu du. Lasterketa hau begiz jota zeukan Asparrenek. "Lasterketa gutxi amaitzen dira goian, eta hau horietako bat da. Irabaztera atera naiz. Eraso guztiei erantzun diet, eta azkenean ihesaldia osatzea lortu dugu".
Lehen oñatiarra Unai Cueva izan da, eta pozik azaldu da lortutako emaitzarekin. "Bergaran sei laguneko ihesaldia osatu dugu. Oñatin beste taldetxo batek harrapatu gaitu, eta Arantzazuko azken igoeran, bakoitzak ahal zuena egin du. Lasterketa guztia ihesaldian egin ostean, indarrak ez zeuden soberan. Helburua ihesaldia hartzea zen, eta lortu dut. Gainera, helmugaraino iritsi gara, eta nahiko aurrean amaitu dut lasterketa. Beraz, gustura nago egindako lanarekin", nabarmendu du. Saria, gainera, amak eman dio, bere sorpresarako.
Bestalde, 1969an, duela 50 urte, Arantzazuko igoera irabazi zuen Jose Antonio Mur ere sari banaketa ekitaldian izan da.

Antolatzaileak, pozik

50.ez antolatu du aurten Aloña Mendiko txirrindularitza sailak lasterketa hau eta horren harira, saileko kide Ruper Arkauzek nabarmendu du "ohore" bat dela honen parte izatea. Era berean, ez da ezbeharrik egon, eta alde horretatik ere pozik azaldu da Arkauz. "Eguraldiaren beldur ginen, baina salbatu dugu, eta bukaeran eroriko txiki bat egon da, baina inportantziarik gabekoa. Beraz, gustura gaude".
Boluntarioak ere behar izaten dituzte bidegurutzeetan egoteko, eta aurten bazuten kezka puntu bat. "Ohikoak diren batzuk Pirinioetara joan dira Frantziako Tourra ikustera, baina jendea agertu da, eta konpondu gara". 

No hay comentarios:

Publicar un comentario